XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) zuzenean galdetzea ez baitzitzaidan komeni, eta ausartu ere ez bainintzen ausartzen.

Hormari huntzarena egingo nion; pixkana-pixkana, behetik gora hasi, eta azkenerako oharkabean dena jan.

Banekiela Madrila joatekoa zela esan nion, seinale zuela sotanan.

Eta zintzilik darabilzun kutxa hori ere ez da egunero ikusten denetakoa, hasi nintzaion endredatzen.

Ihesian abiatu zitzaidan orduan presaren aitzakian.

Banekien nik ordea goiza komentuan eman zuela, itxaroten, zain.

Badakit zertara zoazen Madrila, bota nion, ni atzera uzten ahalegintzen ari zela ohartuta.

Komentu honetan ez da harririk ere dagoenekoz, ez dakienik, erantzun zidan eskapuan.

Nik benetan zertara zoazen dakit ordea! esan nionean, burua jaitsi zuen, mezetako liburuarekin jo izan banu bezala.

Puska batean ez zidan hitzik egin.

Eta gero, aurpegia argituz, nork kontatu dizu ba zuri benetan zertara noan?, galdetu zidan oso ahoskera bromosoan.

Senak. Senak kontatu zidala esan nion.

Sena handikoa nintzela ni, eta sen horri esker asmatu nuela korapiloa askatzeko zein begizta-muturretatik tiraka hasi.

Kutxa haren barruan lehergailuren bat zeraman.

Francori lehertuko zitzaion esku artean.

Ezagutzen nuen hori egitera behartu zuen Zerbitzuetako gazte hura, komentura etorri eta bakean uzten ez zuena.